EGITURA


Euskal pilotako beroketa egituratzeko pilotarien ezaugarriak, planteatutako helburuak, ingurugiroko baldintzak eta txapelketa/entrenamenduaren ezaugarriak kontuan hartuko dira. Esku pilotaren kasuan profesionalen partidu baten bataz besteko iraupena 60-70 minutu ingurukoa izaten da (Solozabal et al. 2000; Urdampilleta et al. 2012).  Bishop (2003b) egindako sailkapenaren arabera iraupen luzeko errendimendua izango litzateke, 5 minututik gorako lehiaketa duten kirolek multzo honetan sailkatzen baititu.

Hortaz, mota honetako kiroletan egindako beroketa, intentsitate eta iraupen nahikoa izan beharko du kirolariaren oinarrizko VO2 igotzeko, baina errekuperazio tarte batez jarraituak egongo dira nekea ez sortzeko eta fosfokreatina erreserbak berreskuratzeko.

a) Intentsitatea
Beroketa egoki baten intentsitatea moderatua izan behar da, VO2max-aren  % 40-60 ingurukoa (Bishop, 2003b; Perez et al,. 2013). Intentsitate hauetan beroketa eginez gero, muskuluaren tenperaturaren igoera, fosfokreatinako erreserben birsortzea eta metabolito kaltegarrien metaketa ezaren arteko oreka egokia sortzen da, potentzia akzioetan errendimendua handituz.

b) Iraupena
Ingurugiro baldintza normalak izanda, beroketaren iraupena 10-20 minutukoa izatea gomendatzen da (Bishop, 2003b). Modu honetan, muskulu tenperatura egokia lortuko da fosfato erreserben gastu txikia eginez. Euskal Pilotaren kasuan, beroketak beharbada iraupen luzeagoa izango du, gorputzaz gain eskuen edo pilotaren berotzea eta erabiltzen den erremintaren  egokitzea eman behar delako. Guk esku pilotarako planteatutako ereduan, eskuen beroketaren aurreko lana 15-20 minutuko iraupena du.

c) Errekuperazioa
Beroketaren bukaeraren eta txapelketa edo entrenamenduaren hasieraren arteko denbora gutxi kontrolatzen den aspektua da. Errekuperazio tarte hau nahikoa izan behar du fosfokreatina erreserbak berreskuratzeko, baina ezin da gehiegi luzatu tenperatura muskularra gehiegi jaitsi ez dadin. Hortaz, aurre partiduko beroketa eta txapelketa edo entrenamenduaren arteko denbora 5 minutu ingurukoa izango da, inioiz ez dira 10 minutuak gainditu behar ( Chaouachi et al., 2010).

d) Espezifikotasuna
Beroketa orok ondoren egingo den ekintzaren araberakoak izango dira. Gure kasuan esku pilotan egingo ditugun ekintzak kontuan hartuko ditugu. Beraz, aktibazio aerobiko eta mobilizazio-aktibazio muskularra egin ondoren, jarraian egingo ditugun mugimendu espezifikoen prestaketa egingo da. Esku pilotan potentzia, abiadura eta bizkortasuna izango dira errendimendua baldintzatuko duten parametro fisikoak horregatik, hauek ere izango dira beroketan landu beharreko osagaiak. 
Lehiaketa edo entrenamenduan landuko den modalitate edo postuaren arabera beroketaren espezifikotasuna  aldatuko da ere. Aurrelarien kasuan desplazamendu motzagoak eta azkarragoak izango dira, gehienetan lateralki edo diagonalki egindakoak. Atzelarien kasuan desplazamendu gehienak zuzenak izango dira, aurrera eta atzera egindakoak. 
Esku pilotaren kasuan jokatzen den modalitatearen arabera, binaka, banaka edo 41/2, beroketa ere aldatuko da. Banaka jokatzerakoan distantzia handiagoak egiten dira eta pilotariak mota guztietako desplazamenduak egiten ditu, aldiz 41/2an beroketa binakako aurrelariaren antzekoa izango da, hortaz hori ere kontuan hartu beharko da beroketaren egitura antolatzeko.


No hay comentarios:

Publicar un comentario