Beroketa
motak sailkatzeko modu ezberdinak daude. Autore ezberdinek (Bishop, 2003a; Berdejo,
2011; Pérez et al., 2013) nagusiki bi beroketa mota bereizten dituzte, beroketa
pasiboa eta beroketa aktiboa. Aldi berean, beroketa aktiboaren barruan beroketa
orokorra eta kirolaren beroketa espezifikoa bereizten dituzte. Beste autore
batzuek (Vaquera et al., 2002; Calleja et al., 2008) hirugarren sailkapen bat
ezberdintzen dute taldeko beroketa eta beroketa indibiduala banatuz.
- PASIBO ETA AKTIBO
Beroketa pasiboa gorputzaren eta
muskuluen tenperaturaren handitzean datza, kirolaria mugimendurik egiten ez
duen jardueren bidez. Jarduera horien artean dutxa eta bainu beroak, saunak,
diatermia, manta elektrikoak edo masajeak daude. Egia esan, kirolariek ez dute
berotzeko metodo hau bakarrik erabiltzen, baizik eta beroketa aktiboaren
osagarri moduan. Esku pilotaren kasuan, takoak ipintzeko erabiltzen den
berogailua, “hornillo” askotan deitua, beroketa pasiboaren adibide izango
litzateke.
Beroketa aktiboa berriz, gorputzaren eta
muskuluen tenperatura handitzen du kirolariak egiten duen jarduera fisikoaren
bidez. Gure proposamenean jarraituko dugun eredua da, izan ere, potentziak
eragina duen kiroletan teknikarik egokiena baieztatu baita (Bishop, 2003).
Beroketa aktiboaren barruan errutina
ezberdin asko planteatzen dira. Errutina batzuk luzapenak erabiltzen dituzte,
beste batzuk ordea, mugimendu balistikoagoak. Seguruenik, errutina hauetan
egindako luzapen mota, estatikoa edo dinamikoa,
eztabaida gehien sortu duen gaia izan da. Azken aldiko ikerketa ugari (Faigenbaum
et al., 2005; McMillian et al., 2006; Chaouachi et al., 2009) luzapen
estatikoak beroketan baztertzeko
tendentzia dute, dinamikoei garrantzi gehiago emanez. Tendentzia hau, luzapen
dinamikoak indarra, potentzia eta bizkortasunean izandako emaitza hobeagoetan
oinarritzen da.
Proiektu honetan planteatzen den
ereduan, luzapen dinamikoak soilik erabiliko dira beroketan, partidu edo
entrenamendu ondorengo lasaitasunera bueltarako luzapen estatikoak utziz .
- OROKORRA ETA ESPEZIFIKOA
Beroketa guztiak atal orokorra alde
batetik eta atal espezifikoa beste batetik osatuak egongo dira. Beroketa
orokorra lan orokor bati egiten dio erreferentzia. Duen helburu nagusia,
jarraian burutuko den jarduera kontuan hartuz organismoaren prestaketa hastea
da. Proiektuan planteatutako ereduan atal orokorraren barruan aktibazio aerobikoa
eta mobilizazio eta aktibazio muskularra daude.
Hasierako lan orokor hau, beroketa
espezifiko baten jarraipena izango du. Bigarren atal espezifiko hau kirolaren
edo burutuko den jarduerara eta honek dituen beharretara bideratua egongo da.
Gure kasuan, esku pilotako partidu edo entrenamendu baterako bideratuak daude.
Hori dela eta, atal espezifiko honetan kantxan esku pilotan aritzean normalean
egiten diren mugimenduak imitatzea izan dugu helburu. Amaitzeko, eskuen
beroketa eta jokoaren ekintza espezifikoak pilotarekin egitea gomendatzen dugu.
- TALDEKO BEROKETA ETA BEROKETA INDIBIDUALA
Talde beroketa, izena esaten duen
moduan taldea osatzen duten kideak burutzen dutena da. Euskal pilotaren barruan
taldeka jokatzen den modalitateak badira
ere, gehienetan binaka edo banaka jokatzen da. Hortaz, taldeko beroketari buruz
ari garenean partidu edo entrenamendu horretan parte hartzen duten pilotariei
buruz arituko gara. Beroketa honetan pilotari guztiek parte hartu dezakete
aurretik ikusi ditugun beroketa aktiboa, orokorrak edo espezifikoak direnak
burutuz.
Beroketa indibiduala ordea, jokalari
bakoitzak bilatzen duen egokitzapen indibidualizatua da. Jokalari edo kasu
honetan pilotari bakoitzak egiten duen lan pertsonala da, eta bakoitzak dituen
gabezi, aurretik izandako lesio edo ohituren araberakoa izango da. Esku
pilotaren kasuan pilotari batzuk nahiago izaten dute pilota “goxua”-rekin
berotzen hasi, pilota gogorrarekin jarraitu aurretik. Edo lesio bat izandakoak
badira, artikulazio edo muskulu horretarako beroketari denbora gehiago
eskaintzen diote.





oso blog interesgarria
ResponderEliminar